XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ukaldi gaixtoa Hegoaldetik

IPARRALDEAN, azken 10 urte hauetan, urrats handiak egin ditugu abertzaleek elgarren arteko arroilak gainditzeko.

Bozketa tenorean, aberri egunean, ikastolen inguruan, batasun goxo bat sortua ginuen elgarrekin aintzina joaiteko, Euskal-Herriaren alde.

Horra nun, bozkaldi hauetan, Abertzaleen Batasun eder baten kontra ernal-ziri gogor bat sartu daukuten erdiz-erdi.

Hegoaldetik etorri izor-ziria gertatu dena.

Ezin uka bakotxak bozketa abiatzeko bidea haizu duela, bainan ondorioak ongi aztatuz eta Euskal-Herriari kalterik ez egitekotan.

Aldi honetan, hoinbertze urtez Euskal-Iparraldeari nortasun bat eskuratzeko tenorean, hanbat urtez gogoeta eta projektu asko aintzinarazi ondoan, batasuna lehertaraztea ezin onartua zaigu.

Badakigu aspaldian kukurruka hasi nahian dabiltzan bizpahiru oilasko, asko urtez Biarnesekin ari izan ondoan, euskaldun laborarien jorratzen orai Hegoaldeko buruzagi ofizialista batzuen kokorokak atsegin zauzkatela.

Aspaldiko oilanda bat ere, bere xito batzuekin, kofoin bererat bildu dute aldi berean.

Luma batzu galdurik ere, izenak balio baitu.

Oilar buru harro ta moko luze bat aurkitu dute denen aintzindari izaiteko.

Ororen buru ehuneko bat boz biltzeko!

Bainan aski Abertzaleen Batasunari kalte egiteko. Horra horien balentria.

Erresponsabilitate haundia hartu dute zerrenda hori sortu edo aterbetu dutenek, Euskal Departamenduaren alde estakuru hartuz, beren burua xuritzeko.

Burges eta haundi nahi batzueri estalpea eskaintzeak ez diote ongi haundirik eginen, orai arte zintzoki lanean ari izan badira ere.

Euskaldun bat ukaiten ahalko zen Bordelen Herrialdeko Ganbara kudeatzailean.

Eta boz kanpainako gastuen parte bat ere ofizialki ordaindua, hori ere estimagarria.

Abertzaleen Batasunak ez du Euskadiko aitatxi aberatsik edo diru publikorik, militanteen moltsatik atera beharko aldi bat gehiako.

Anai-Artea sortu zuten Larzabal, Monzon, Arregi eta abarrek, hego eta iparraldeko anaiek elgar laguntzeko.

Oraiko batzuen jokabidea oraino latzago kausitzen dugu anai-artean berexgoa sortzen saiatu direnen egitatea.

Hego aldeko partido baten txin-txin otsak burua nahasi dakote bakar batzueri, zorigaitzez! Bainan kasu ondorioeri.